
Konposta
Lorezaintzan edo baratzeetan sortutako landare-hondakinekin eta etxeetan sortutako elikagai-hondarrekin konposta eginez gero, hiri-hondakinen sorrera prebenitzen da, bide honen bitartez konpostatutako hondakinak San Markoko Mankomunitateari dagokion hiri-hondakinen bilketa-lerroan ez baitira sartzen eta kontsumo-bitarteko pribatu bihurtzen baitira.

Konposta egiteko kanpaina
Aipatu kanpaina Gipuzkoako Foru Aldundiko Garapen Iraunkorraren Sailak eta San Markoko Mankomunitateak antolatu dute eta hala eskatuz gero, Mankomunitateko herritarren esku doan konpostagailua eta konpostatzeko eskuliburua jartzen dituzte.
Parte hartu nahi bada, nahitaezkoa da konpostagailua kokatzeko berdegunea izatea.

Konpostagailua
Konpostatze-prozesua termo-konpostagailuetan egiten da. Ontzi horiek espazio bertikala aprobetxatu eta konposatuaren mordoa bilduta mantentzen dute. % 100 birziklatuta dagoen plastiko birziklagarrizkoak dira. Diseinuak barrualdean hondakin organikoa ongarri bihurtzen duten mikroorganismoentzat aireztapena egokia izatea bermatzen du. Gainera, airearen zirkulazio optimizatuak konposatu-mordoaren barrualdean hezetasuna eta tenperatura erregulatzen ditu. Hala, gutxi gorabehera (urte-sasoiaren arabera) 4tik 6 hilabetera bitarteko epean usain eta eulirik gabe deskonposizio azkar eta ona gertatzeko baldintzak lortzen dira.
Horma termikoek iraupen luzea dute eta, hala, barnean klima ezin hobea bermatzen da. Horrez gain, izpi ultramoreen egonkortzaileak dituzte, hormetan pitzadurak saihesteko eta denboraren poderioz kolorerik ez galtzeko.
Konpostagailua eskatu nahi izanez gero, bete konpostagailua eskatzeko galdeketa.

Konposta egitea sukaldeko eta lorezaintzako edo baratzeko hondakin organikoak landareetarako ongarri bihurtzea da. Etxeko konpostajea prozesu hori gure etxean, gure lorategian, gauzatzea da. Zure zalantzak argitzeko gure gida kontsulta dezakezu:
"Etxean konposta egiteko gida"
Kontuan hartu beharreko lau arau:
1. Jarri konpostagailua zuzenean lurrean
Materia organikoa deskonposatzen denean ateratzen diren urinak drainatu egiten dira eta inguruko landaretzak aprobetxatzen ditu. Ez dugu inoiz konpostagailua zoladuraren edo adreiluen gainean jarriko.
2. Nahastu materia hezearen eta lehorraren bolumen berdinak
Sukaldeko hondakinak, soropila eta landareen zati samurrak materia hezeak dira eta nitrogeno asko dute. Hostoak, belar lehorra, kimaketa-hondakinak, lastoa, txirbila eta zerrautsa, berriz, zati lehorrak dira eta karbono asko dute.
3. Irauli mordoa
Iraultzen dugunean, bakarrik goiko geruzan egin behar dugu. Aireztatu eta hondakin organikoen geruzak trinkotzea saihesten da. Konpostagailuaren barruan ez da mordo guztia irauli behar.
4. Kontrolatu hezetasuna
Mordoa ez lehortzea zaindu behar da. Ureztatzen dugunean, difusorea erabili behar dugu, ura ondo banatzen dela ziurtatzeko. Konpostagailua itzalean kokatuta badago, ez da ia inoiz ureztatu beharko. Eguzkitan jartzen bada, ordea, uztailean eta abuztuan behin edo bitan ureztatuko da.
Euliak erakarri eta gaizki usaintzen al du?
Ez. Konposta egitea betiere esker oneko jardun atsegina da. Besterik gabe, oinarrizko lau arauak jarraitu behar dira.
Lan handia al du?
Jende asko harritu egiten da konposta egiteak soropila edo landare-hesia zaintzeak baino lan gutxiago eskatzen duela egiaztatzen duenean.
Ur asko gastatzen al du?
Ez, bereziki konpostagailua itzalean jartzen baduzue. Inoiz ureztatu behar baduzue, soropila behin ureztatzeko gastatutakoa baino ur gehiago ez duzue beharko.
Haragiaren edo arrainaren hondakinak bota al ditzakegu?
Haragi, arrain, janari prestatu eta ogiaren hondakinak bota ditzakegu, konpostagailua gutxienez erdiraino beteta badago. Bestela, itxarotea hobe da. Konposta egiteko lau arauak jarraitzen baditugu, hondakin horiek ohiz inolako arazorik gabe kudeatzen dira.
Denbora asko behar al da konposta egiteko?
Konposta egiteko oinarrizko lau arauak jarraitzen badituzue, udan lau hilabetetan eta neguan sei hilabetetan egina izan dezakezue.
Mordo guztia edo bakarrik zati bat irauli behar al da?
Nekazaritza-konpostajean bakarrik mordo guztia irauli behar da, 2 m3-tik gorako bolumenak ditugunean. Etxeko konpostagailuen kasuan, bakarrik bota berria irauli behar da.
Kimaketa-hondakinen mota guztiak bota al ditzakegu?
Bai, palmondoen hostoetako oinarriak izan ezik (zulatu eta deskonposatzeko denbora asko behar dute). Konpostagailuan botatzen dugun kimaketa-hondakinak hatz bat baino lodiagoa edo luzeagoa ezin duela izan kontuan hartu behar dugu. Bestela, moztu edo txikitu beharko da.
Arrosa-landareen kimaketa-hondakinak bota al ditzakegu?
Bai, baina arrosa-landareak edo beste zuhaitz arantzatsu batzuk kimatzeko, lehendabizi arantzak moztea beharrezkoa da.
Tokiz alda al daiteke?
Bai. Bakarrik hasieratik konposta egiteko oinarrizko lau arauak jarraitzea beharrezkoa da.
Nola dakigu konposta helduta dagoela?
Konpost heldua konpostagailuaren beheko aldean aurkituko dugu. Kolore marroi iluna edo beltza du eta baso-lurraren usaina hautemango da. Eskuekin hartu eta indarrez zapalduz gero, eskuak zikintzen ez direla ikusiko duzue. Gehienetan labezomorroak egongo dira.
Zer aplikazio ditu konpostak?
Kalitate handiko ongarri naturala denez, lurzoruaren ongarri bezala edota landaren substratu modura erabil daiteke modu desberdinetan.
Gorabehera | Esanahia | Konponbidea |
Amoniako-usaina |
Hostorik gabeko soropil gehiegi. Oxigenoa falta da. |
Erantsi materia lehorra eta irauli ondo. |
Ustel-usaina |
Hezeegia. Materia berde gehiegi. |
Erantsi materia lehorra eta irauli ondo. |
Katuak, txakurrak eta arratoiak |
Ez dugu nahikoa materia lehor erantsi. |
Erantsi materia lehorra eta irauli ondo. Ordu gutxitan konpost-mordoaren tenperatura igoko da eta animaliak jada usainak erakarrita ez dira hurbilduko. |
Konpost hotza |
Nahasketa ez da egokia. Giroko tenperatura baxua. |
Nahastu sukaldeko hondakinekin eta irauli. |
Konpost lehorra |
Hezetasuna falta da. Ura gehiegi lurruntzen da. |
Ureztatu mahukaren difusorearekin hainbat minutuz. Beheko zatia oso lehorra badago, erretiratu eta materia lehor bezala nahasteko erabil dezakegu. |
Eltxoak eta euli txikiak |
Sukaldeko hondakinak konpostaren goiko aldean agerian gelditzen dira. |
Konpostagailuaren estalkia itxi baino lehen, bakarrik materia lehorrak (kimaketa-hondakinak, hosto lehorrek, lastoak, zerrautsak…) agerian gelditu behar du....). |
Eulien larbak |
Nagusiki, sandia- eta meloi-hondakinek erakartzen dituzte. |
Konpostagailuaren estalkia itxi baino lehen, bakarrik materia lehorrak (kimaketa-hondakinak, hosto lehorrek, lastoak, zerrautsak…) agerian gelditu behar du. |
Errautsaren itxura |
Soropila gaizki iraulita dago eta mikrobioen jardueraren ondorioz sortutako beroak ura lurrundu du. |
Ureztatu mahukaren difusorearekin hainbat minutuz. Hurrengoan soropila ondo nahastu beharko da materia lehorrarekin bat datorren bolumenaz. |
Konposta jasotzera goazenean ez dago egina |
Konpostagailuaren kanpoko aldean konpost-mordoa betiere lehortu egiten da. |
Mordoaren kanpoko zatia karrakatu behar dugu eta barruan jada egina dagoen konpost ona aurkituko dugu.o. |
Herritarrek konpostagailu bat eska dezakete.
Tramitea egiteko, egin klik hemen: Etxeko konpostagailua eskatu