Mancomunidad de San Marcos

Albistea
Gaurkotasuna

icono calendario2015/08/03

San Markosek 500.000€ inbertituko ditu Aizmendiko zabortegia iragazgaizteko obretan

San Markos Mankomunitateak hainbat hobekuntza-obra egingo ditu hondakin geldoetarako eta ez-arriskutsuetarako Aizmendiko zabortegian. Aurreikusitako jardunen artean, jardun esanguratsuena gune bat eraikitzea da. Biltegi horrek ahalbidetuko du hondakin ez-arriskutsuen pareko materialak modu independentean kudeatzea, eta efluenteak biltzeko eta drainatzeko bere sistema izango du. Instalazio berriek ez dute azalera osagarririk hartuko eta 8.000 m2 iragazgaiztuko dira. Aipatutako obrak egikaritzeak hobekuntza esanguratsua ekarriko du ingurumen-ikuspegitik eta obra horiek Ingurumen Baimen Integratuan (IBI) ezarritako eskakizunak beteko dituzte.

Aizmendiko zabortegian 27.000 tona hondakin tratatzen dira urtero, eta hondakin horietatik 19.000 tona hondakin geldoak dira, beste 9.000 tona, aldiz, hondakin ez-arriskutsuak dira. Materialen % 50 industrialdeetan egindako bilketatik dator eta gainerakoa beste industria batzuetan egindakotik. Gaur egun, material plastikoak eskuz bereizten dira material horiek berreskuratzeko, eta abian jarrita dago eraikuntza- eta eraispen-lanetako hondakinetatik eratorritako materialak berreskuratzeko proiektua.

San Markos Mankomunitatearen jarduneko lehendakari Denis Itxasok adierazi duenez, "obra horrekin bukatzen da Mankomunitateak hiru urtez politikoki zuzendu duen eta konpondu gabe zeuden gai batzuk konpontzeko gai izan den lantaldearen kudeaketa; horretarako, San Markoseko hiri-hondakinen zabortegia zigilatu da eta Aizmendiko zabortegian hondakin geldoen garbigunea eta hondakin ez-arriskutsuena bereizteko Eusko Jaurlaritzak eskatzen dituen ingurumen-eskakizunei erantzun zaie".

Zabortegiaren hobekuntza-obrek ekarriko dute leku horretako topografia aldatzea iragazgaizte-sistema ezartzeko; materialen 5.000 m3-ko mugimendua egingo da eta obrek lau hilabete iraungo dute. Kontratazio-mahaiak proposatu du lanak Construcciones Moyua enpresari esleitzea, honako zenbateko honen truke: 417.310,15 € gehi BEZa; Geyser HPC enpresak gauzatuko du lan horien kontrol teknikoa eta ingurumen-arlokoa, eta osasunaren eta segurtasunaren koordinazioa BPG enpresak egingo du. Lan guztiak zabortegiaren ustiapena kontrolatzen duten zerbitzu teknikoek koordinatuko dituzte.


Albisteen zerrendara itzuli

Zure mezua

 

Galdeketa honetan jasotako datuak San Markoko Mankomunitatearen sistema informatikoan sartu eta landuko dira. Halaber, legearekin bat laga daitezke eta interesatuak atzipenerako, zuzentzeko, baliogabetzeko eta kontra egiteko eskubideak izango ditu. Horren guztiaren berri ematen da 15/1999 Lege Organikoak, abenduaren 13koak, Datu Pertsonalak Babesteari buruzkoak, 5. artikuluan xedatutakoa betez.