2015/05/04
San Markos mankomunitateak administrazio bidezko errekurtsoa jarriko dio GHK partzuergoak Ingurumen Baimen Integratuari eta Erraustegiko Jarduera Lizentziari uko egin izanari, hots, Zubietako hondakinen tratamendurako zentroa abian jartzeko eman zirenei. Helburua zera da, azpiegitura hori (erraustegia eta biolehortzeko instalazio bat biltzen ditu) garatzeko lortutako lizentziei eustea, lizentzia horiek galtzeak izapide guztiak berriz egin behar ez izateko ahaleginak eginez. Denis Itxaso mankomunitateko presidenteak erabaki hori hartu du interes orokorraren defentsan oinarrituta: “Azken orduko uko-egite horrekin gipuzkoar gehienek onartutako proiektua geldiarazi eta garestitu nahi da, eta hori, ikuspegi guztietatik begiratuta, interes orokorrari iruzur egitea da”. Itxasoren ustez, “ez da ulertzen GHK partzuergoak uko egitea lizentziei, kontuan hartuta lizentzia horiek partzuergoaren ondasuna osatzen dutela eta lizentzia horiek lortzeko denbora eta dirua inbertitu behar izan dela. Ez da etekin publikorik lortzen, eta Gipuzkoari eragingo zaion kaltea hainbat milioi eurokoa izan daiteke”.
Mankomunitateak bere zerbitzu juridikoen esku jarri du gaia, eta zerbitzu horiek aztertzen ari dira zein ote diren bide eraginkorrenak GHK partzuergoak eskatutako lizentzien uko-egitea ondoriorik gabe uzteko. Egin beharreko lehen urratsa honako hau da: Eusko Jaurlaritzaren ingurumeneko sailburuordetzan eta Donostiako udalean pertsonatzeaz gain Ingurumen Baimen Integratuaren eta Erraustegiko Jarduera Lizentziaren eteteari administrazio-bidean errekurtsoa jartzea, hurrenez hurren. Legean ezartzen da interes orokorraren defentsak muga ditzakeela uko-egitearen ondorioak eta mankomunitatearen ustez, GHK partzuergoaren eskaera bete-betean erortzen da kasu horretan.
San Markos Mankomunitateak, GHK partzuergoko erakundea denez, eskatuko du Eusko Jaurlaritzari eta Donostiako Udalari egindako uko-egitearen eskaera dela medio hasi den administrazio-prozeduran esku hartzea, San Markos Mankomunitatearen ustez, mankomunitatea interesduna delako bi baimenei uko egiten zaielako.
Denis Itxasoren iritziz, argi dago interes orokorraren aurkakoa dela: “Lizentziei eusteak ez dakar inolako kosturik, baina uko-egiteak eten egiten du Gipuzkoarentzat ezinbestekoa den proiektua, eta ez du bete nahi gipuzkoarren borondatea, hurrengo legegintzaldiaren kudeaketa baldintzatuz”. Horrez gain, mankomunitateak uste du esku hartzeko legitimatuta dagoela, agindu zaion kudeaketari eragiten dion gai bat delako, eta hondakinei buruz egun indarrean dagoen araudia hausten duelako (7/2008 Foru Araua, Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Integralaren Aurrerapen Dokumentua).
Administrazio-bidea nahikoa ez bada Zubietako hondakinen tratamendurako zentroaren lizentziak babesteko, mankomunitatea aztertzen ari da lizentzien defentsa epaitegietara eramatea eta administrazio-auziaren prozedura bidez eskatzea uko-egitea eten dezatela.