Mancomunidad de San Marcos

Albistea
Gaurkotasuna

icono calendario2015/03/09

Gaikako bilketa egiteko eskumena kendu nahi diotela salatu du San Markos mankomunitateak


Atez ateko sistema ezarrita duten San Markoseko udalerriek hondakinen gaikako bilketa egiteko eskumena kendu nahi diote mankomunitateari. Horixe ondorioztatzen da Astigarraga, Hernani, Lezo, Oiartzun, Pasaia eta Usurbil herriek aurkeztu duten ondorioen idazkian, 2014. urtean erakundeak onartutako aurrekontuen aurka jarritako demandaren barruan. Idazki horretan inpugnatzeko beste arrazoi bat aurkeztu dute; idazkiaren arabera, “mankomunitateak ez du gaikako bilketa egiteko eskumenik”, eta aurrekontuaren puntu hori baliogabetzeko eskatzen dute. Mankomunitatearen ustez argudio hori oso larria da; izan ere, mankomunitatearen eskumen garrantzitsuenetako batez gabetzeko asmoa dutela adierazten du, edukiontzien sistema erabiltzen duten 250.000 herritarrei (Donostialdean bizi diren herritar guztien % 80ri) eragingo lioketen kalte larria aintzat hartu gabe. Horri dagokionez, Denis Itxaso mankomunitateko presidenteak honako hau adierazi du: “Ez du zentzurik orain dela gutxi arte mankomunitatea gobernatu dutenek –eginkizun guztiak baliatuta– orain zera esatea, mankomunitateak ez duela eskumenik gaikako bilketa egiteko. Arrazoi bakarra dute horretarako; hain zuzen ere, atez atekoa eskualde osoan ezarri eta betikotu nahi dutela”.

Mankomunitateak proposamen horrekiko erabateko desadostasuna agertzeko asmoa du, eta erabilitako moduekin ere ez dago ados; izan ere, ex novo argudio hori ez baitzuten hasieratik aurkeztu 2014ko aurrekontuak inpugnatzeko demandan. Era berean, mankomunitateak sortu zenetik izan duen funtzionamendua ikusita, eta orain inpugnazioa proposatu dutenek bere garaian baliatu zuten kudeaketa-modua aintzat hartuta, mankomunitatearen ustez orain ez dute inolako zilegitasunik mankomunitateak eskumenik ez duela esateko.

Nolanahi ere, egoera oso larria denez, mankomunitatearen presidenteak egin beharrekoa egiteko esan die zerbitzu juridikoei defentsa sendoa aurkez dezaten, erakundearen zerbitzuak bermatu eta edukiontzien sistemari eutsiko zaiola ziurtatzearren, herritar gehienek erabiltzen duten sistema den aldetik. Halaber, alderdikeriaz jokatzen ari direlako kexu da Itxaso, zeren “Donostialdeko hiri eta herriek kudeaketa integratua, lankidetzakoa eta eraginkorra behar baitute ekonomiari dagokionez, eta hori lortzeko lankidetza da beharrezkoa, ez liskarrak”.


Albisteen zerrendara itzuli

Zure mezua

 

Galdeketa honetan jasotako datuak San Markoko Mankomunitatearen sistema informatikoan sartu eta landuko dira. Halaber, legearekin bat laga daitezke eta interesatuak atzipenerako, zuzentzeko, baliogabetzeko eta kontra egiteko eskubideak izango ditu. Horren guztiaren berri ematen da 15/1999 Lege Organikoak, abenduaren 13koak, Datu Pertsonalak Babesteari buruzkoak, 5. artikuluan xedatutakoa betez.