2014/11/30
ABBA HOTELESHamar hilabeteren ondoren, amaitu dira San Markoseko zabortegia ixteko obrak; 3.713.716 €-ko esleipen-aurrekontua izan dute, eta zenbateko txikiago batekin egikaritzea dago aurreikusita. Proiektua gauzatzeko, A lurzatia (8.100 m2) eta B lurzatia (19.500 m2) behin betiko zigilatu dira, eta C eremuko (10 hektarea) hondakinak, berriz, aldi baterako. Egindako lanen bidez, zabortegian bilduta zeuden hondakin guztiak konfinatuta geratu dira, eta, horren ondorioz, urte askotan inguruak jasan dituen inpaktu bisualak eta usainak desagertu egin dira. Mankomunitateko presidente Denis Itxaso pozik agertu da zaharkitutzat hartu duen azpiegitura horren itxieraren aurrean, eta, adierazi duenez, “hondakinen kudeaketan iraunkortasuna lortzeko, ez da zabortegi berririk ireki behar; aitzitik, zabortegiak itxi egin behar dira”.
Obraren barruan, zehazki, A eta B lurzatiak behin betiko iragazkaiztu eta zigilatu dira, eta, horretarako, material geosintetikoko hiru geruza erabili dira (bentonita-geokonposatua, 2 mm-ko polietileno-xafla eta drainatze-geokonposatua). Ondoren, 80 cm-ko lur-geruza gaineratu zaie material horiei. 2008. urtera arte funtzionatu zuen C eremua zabortegiko handiena da, eta obraren zati esanguratsu bat egin da bertan. Zehazki, 157. 500 m3 hondakin estali dira lur-geruza batekin, eta landareztatze-lanak egin dira bertan.
Azken eremu horretan, zaborrak bost urte beharko ditu behin betiko finkatuta geratzeko, eta ordura arte itxaron beharko da A eta B eremuetan egindakoa bezalako behin betiko iragazkaiztea egiteko.
C eremuan 157.500 m3-ko zaborra estali izanari esker, zabortegia behin betiko konformatu ahal izan da, eta puntu baxu bat kendu da Txurdiñeneko ibarbidean. Era horretan, drainatze-ur guztiak gainazaleko areketan zehar doaz gaur egun. Obraren barruan, halaber, zabortegia desgasifikatzeko sistema hobetu da, eta, horretarako, biogasa erauzteko 12 putzu berri instalatu dira. Gainera, lixibiatuak hartzeko eta zabortegiaren hondoko drainatzera eramateko (eta, ondoren, lixibiatuen araztegian tratatzeko) sistema bat ezarri da.
Adierazitako guztiaz gain, sare perimetralak hobetzeko obrak egin dira (euri-uren eta ur garbien azaleko drainatzea errazteko), bideak egokitu dira (1,2 kilometrotan) eta zabortegiaren kanpoko itxitura berri bat instalatu da.
Obraren datu nagusiak
Lurrak eta bide-zoruak mugitzea:
Desgasifikazioa:
Beste batzuk:
Enpresak: