2014/10/06
Softwarea libratzeko eta garatutako aplikazioak udalen eta beste toki-administrazio batzuen zerbitzura jartzeko Eusko Jaurlaritzaren plataforma erabiltzen duen Euskadiko lehen toki-erakundea dugu San Markos mankomunitatea. Ekimen horri esker, horretan interesa duen edozein toki-erakundek aplikazio horiek erabil ditzake, eta bere premietara egokitu.
Zehazki, aplikazio bat garatu dute toki-erakundeen aktiboen amortizazioa kontrolatzeko, eta, horri esker, erakunde bakoitzaren inbentarioa eta erakundearen aktibo bakoitza kudea daiteke. Intranet izateko diseinatua dago, baina web ingurunea denez, extranet gisa ere funtziona dezake.
Edozein udalek edo herritarrek balia dezake aplikazio hori Openapps aplikazioaren bidez, eta, kode irekian garatuta dagoenez, ez du lizentziarik ordaindu behar. Hasierako bertsioa gaztelaniaz garatu dute, baina aplikazioaren lizentziak eta arkitekturak software hau euskaraz ere baliatzeko aukera ematen dute, horretarako egokitzapen erraza eginda.