2014/09/01
Hondakinen produkzioa eta haien tratamendua gizarte guztiei, eta bereziki, garatuenei eragiten dien problematika da. Batez ere isurtzeen bitartez deuseztatzean oinarritutako estrategia zaharrek ez dute arazoa benetan konpontzen, gizarteak arbuiatzea eragiten dute eta gero eta zorrotzagoak diren legezko mugei aurre egin behar diete. Etorkizunean, zaborrean dauden baliabideak aprobetxatzean oinarritutako kudeaketa- eta tratamendu-alternatibak eskainiko dira, alternatiba horiek produkzio- eta kontsumo-zikloetan sartuko dira berriro eta errefusa minimizatu egingo da. Ikastaro honen helburua Gipuzkoan aplikatzen ari diren estrategiak azaltzea eta hainbat sektoretako (adibidez, materialak birziklatzea eta berreskuratzea, materia organikoaren tratamendua eta aprobetxamendua eta hondakinetako energia berreskuratzea) esperientzia eta teknika aurreratuenekin alderatzea da. Helburua zera da, prozesu horien irismena eta mugak ezagutzea, baita ingurumenaren eta ekonomiaren ikuspegitik prozesu horiek duten eraginkortasuna eta legearen ikuspegitik dituzten mugak eta lehentasunak ezagutzea ere.
Galdera horiei erantzuteko, Hondakina baliabide gisa deitutako ikastaroan hainbat esparrutako adituak elkartuko dira eta aditu horiek beren eremuetatik helduko diote hondakinen problematikari. Zehazki, ponenteak eta landuko diren gaiak honako hauek izango dira:Denis Itxaso San Markos mankomunitateko presidenteak Gipuzkoan ditugun erronkak deskribatuko ditu; hain zuzen ere, hondakinen kudeaketa hondakinetan dauden baliabideen aprobetxamenduan oinarritzeko ditugun erronkak, betiere zaharkituta geratu diren desagerrarazte-estrategiak gaindituta eta iraunkortasun-printzipioei jarraiki.
Jean Jacques Dohogne Birziklatzearen aldeko Hirien eta Eskualdeen Europako Elkarteko (ACR+) kide da, ingurumen-zuzenbidean espezialista. Haren ponentzian Europako esparru juridikoa eta hondakinen Erkidegoko hierarkia aztertuko dira, hau da: hondakinen tratamendua kudeatzerakoan Europako legeek ezartzen dituzten lehentasunak.
Santiago Barba Eko-rec enpresaren zuzendaria da. Gipuzkoako enpresa hori plastikozko ontzi arinen birziklapenean espezializatuta dago industriarako erabilgarriak diren produktuak produzitzeko, ingurumen-hobekuntza eta CO2 emisioak murriztea bermatuz. Haren ponentzian hiri-hondakinetako plastikoak birziklatzeak eskaintzen dituen aukerei helduko dio.
Alfonso Amorena Iruñerriko mankomunitateko Ingurumenaren zuzendaria da eta garrantzi handiko espezialista materia organikoaren tratamenduan; hain zuzen ere, ponentzian hondakin-uretako eta hiri-hondakinetako materia organikoa aprobetxatzeko prozesuez jardungo da.
Antonio Nolasco industria-ingeniari doktorea da Madrilgo Unibertsitate Politeknikoan, eta ENSPM ingeniaria Petrolioaren Frantziako Institutuan. Automobilen esparruan hasi zuen karrera eta 1990. urtean Italcementi Group taldean sartu zen. Harrezkero, Taldearen Zentro Teknikoan eta zementu-fabriketan lan egin du, hainbat herrialdetan. Gaur egun, Donostiako “Cementos Rezola” fabrikako zuzendari da. Haren ponentzian, hiri-hondakinei balioa eman eta aprobetxatzeko zementu-industriak eskaintzen dituen aukerak aztertuko ditu Nolascok.
Luis Martínez Centeno industria-ingeniaria da eta Castelló-ko iparraldeko hiri-hondakinak kudeatzen dituen Aldi Baterako Enpresa Elkartearen gerente; enpresa-elkarte horretan A2A ambiente taldeak garatutako biolehortze-prozesuak erabiltzen dituzte. A2A ambiente taldea hiri-hondakinetatik datozen materialak eta energia berreskuratzen duen Italiako operadore nagusia da. Kasu horretan, ponentzian biolehortzearen aukerak eta hondakinen errefusa aprobetxatzeko beste teknika batzuk aztertuko dira.
Armengol Grau LKSren Hondakinen Alorreko zuzendaria da eta 20 urtetik gorako esperientzia du hondakinen kudeaketarekin lotutako proiektuen garapenean eta zuzendaritzan. Haren ponentzian hondakinen errefusa aprobetxatzeko aukerak aztertuko ditu, baita horien hierarkia ere iraunkortasunaren ikuspegitik.
Ikastaroa irailaren 4an eta 5ean izango da eta goian aipatu ditugun ponentziez gain, mahai-inguru bat ere antolatu da, honako parte-hartzaile hauekin: Jean Jacques Dohogne, Alfonso Amorena, Armengol Grau eta San Markos mankomunitateko presidente Denis Itxaso; hondakinek, baliabidetzat hartuta, gizarte aurreratuetan izan dezaketen etorkizunari buruz eztabaidatuko dute.