Mancomunidad de San Marcos

Albistea
Gaurkotasuna

icono calendario2014/07/01

Urnietako plantak zortzi milioi kilo baino gehiago birziklatu zituen 2013an

Urnietako ontziak tratatzeko eta berreskuratzeko plantak 8.148.990 kilo ontzi jaso zituen 2013an, eta horietatik 5.982.060 kilo birziklatu egin ziren eta 1.607.200 kilo errefus-materiala izan ziren, eta ezin izan ziren aprobetxatu. Datu horiek erreferentzia gisa hartuz, errendimendu-tasa % 78 ingurukoa izan zen, eta mankomunitateko presidente Denis Itxasok oso positibotzat jo zuen ehuneko hori, “Espainia mailan tasa altuenetakoa delako” baina agerian uzten du “errefusak daudela eta material horietarako tratamendu-alternatiba bat beharrezkoa dela, zabortegiak bezalako irtenbide zaharkitua eta batere iraunkorra gainditu ahal izateko”.
Tratatutako ontzien guztizkotik 5.442.610 kilo (% 80,57) San Markoko mankomunitateak biltzen ditu, bide publikoan dauden edukiontzien bitartez. Bestalde, atez ateko sistema duten udalerriek (Astigarraga, Hernani, Lezo, Oiartzun, Pasaia eta Usurbil) 1.311.920 kilo bildu zituzten (% 19,42), baina kontuan izan behar da Astigarragak sistema hori apirilean ezarri zuela, Lezok maiatzean eta Pasaiak abuztuan. Gainera, Urnietako plantak Txingudiko mankomunitateak bildutako 1.216.360 kilo ontzi tratatu zituen, eta Urnietatik hurbil dauden Tolosaldeko udalerrietatik ekarritako 164.540 kilo, batez ere Andoaindik ekarritakoak.
Berreskuratutako materialen artean plastikoak nabarmentzen dira bereziki, guztira 3.818.270 kilo, eta guztizkoaren % 63,82 dira. Plastiko motaren arabera, berreskuratutako materialak eta kantitateak honako hauek dira: 816.880 kilo PET dira; 466.960 kilo HDPE dira; 1.538.740 kilo LDPE dira; eta 995.690 kilo beste plastiko mota batzuk dira. Metalen kantitate handia ere berreskuratu zen, batez ere altzairua (880.340 kilo, % 14,71) eta paper-kartoia (752.280 kilo, % 12,57).
Ontziak berreskuratu eta tratatzeko planta, urtean 8.000 tona ontzi baino gehiago tratatzen dituena, Gipuzkoak zaborrean dauden baliabide materialak birziklatzeko eta aprobetxatzeko duen azpiegiturarik handiena da. Legazpiko plantak jarduera bera egiten du baina hondakin-bolumen txikiagoa tratatzen du; Lapatxeko konpost-plantak 3.000 tona tratatzen ditu urtean, eta zabortegiak eta transferentzia-estazioak, horien helburua ezabaketa denez gero, ezin dira berreskuratzeko eta birziklatzeko azpiegituratzat hartu. Ildo horretan, Denis Itxasok azpimarratu zuen beharrezkoa dela hondakinetan dauden baliabideak modu iraunkorrean aprobetxatzea ahalbidetzen duten azpiegiturak garatzea, eta zera adierazi zuen: “herritarren dirua gastatzeak eta zaborrak modu moderno eta eraginkorrean kudeatzeko beharrezkoak diren irtenbideak ez eskaintzeak gure ingurumen-etorkizuna hipotekatzea dakar, izan ere, zabortegiak bitartean kolmataziotik hurbil baitaude”.

Planta modernoa eta automatizatua
Urnietako plantak ontziak modu automatizatuan sailkatzen ditu, materialen arabera eta horien tamaina, kolorea era izaera kontuan izanik, eta honako hauek bereiziz: dentsitate txikiko eta handiko poliestilenoa, PET, PVC, metalikoak eta burdinazkoak, aluminioa eta brick, besteak beste. Prozesu osoa modu automatizatuan egiten da, separagailu mekanikoak eta sentsore optikoak eta magnetikoak erabiliz, eta ontzi mota desberdinak errekonozitzen eta sailkatzen dituzte. Ondoren, prentsatu egiten dira eta Ecoembesek adierazitako plantetara bidaltzen dira, beste produkzio prozesu batzuetan aprobetxatuko diren material birziklatuak izan daitezen.




Albisteen zerrendara itzuli

Zure mezua

 

Galdeketa honetan jasotako datuak San Markoko Mankomunitatearen sistema informatikoan sartu eta landuko dira. Halaber, legearekin bat laga daitezke eta interesatuak atzipenerako, zuzentzeko, baliogabetzeko eta kontra egiteko eskubideak izango ditu. Horren guztiaren berri ematen da 15/1999 Lege Organikoak, abenduaren 13koak, Datu Pertsonalak Babesteari buruzkoak, 5. artikuluan xedatutakoa betez.