2014/05/26
Paper-kartoiaren, ontzien eta bio-hondakinaren gaikako bilketako kontratuaren lizitazioa onartu du bere azken batzarrean San Markos mankomunitateak. Edukiontzi bidezko bilketa guztiak hartzen ditu barnean lehiaketak (beirarenak izan ezik, Ecovidriok kudeatzen baititu) Donostiako, Errenteriako, Lasarteko, Urnietako eta Pasaiako (Trintxerpe eta San Pedro) udalerrietan, eta 258.000tik gora herritarrei emango zaie zerbitzua, hau da, mankomunitatearen biztanleriaren % 82,9ari. Bestalde, Astigarragak, Hernanik, Lezok, Oiartzunek eta Pasaiak (Antxo eta Donibane), guztien artean 53.425 laguneko biztanleria (% 17,11) biltzen dutelarik, atez atekoarekin jarraituko dute. 3.465.000 €-ko gehieneko aurrekontua du kontratuak (BEZik gabe), 2015eko urtarrilaren 1ean hasiko da indarrean eta lau urteko epea izango du.Datozen urteetako bilketa selektiboko lizitazioa alderdi guztiek onartu zuten, EH-Bilduko ordezkariek izan ezik, eta kontratazioa auzibidetik gelditzeko asmoa ere iragarri zuten. Horri dagokionez, mankomunitateko presidente Denis Itxasok azpimarratu egin du “birziklatzea defendatzen dutela esan eta San Markos mankomunitateko herritarren % 80 baino gehiago zerbitzurik gabe uzteko mehatxua egiten dutenen arduragabekeria”. Era berean, gogorarazi du egungo kontratua abenduaren 31n amaitzen dela eta ezinbestekoa dela beste esleipen bat egitea zerbitzua bermatzeko. Ildo berean, Ingurumeneko diputatu Iñaki Errazkini eskatu dio “ez dezala trabarik jarri gehiengoak onartutako soluziobideetan eta ardura dadila amaitu gabe dituen azpiegiturez”.
Materia organikoaren zatirik handiena edukiontziekin bilduko da
Materia organikoaren proportzio oso garrantzitsuak gaineratuko dira, eta horixe izango da edukiontzi bidezko gaikako bilketako zerbitzuen nobedade nagusia. Mankomunitateak Urnietan eta Lasarten emango duen zerbitzuari Donostia ere gehitu behar zaio, 2014an txipa duen edukiontzi marroia hedatzen ari baita bere auzo guztietan. 530 edukiontzi guztira, 210.549 laguni zerbitzua emateko, hau da, mankomunitatearen biztanleriaren % 67,44ari. Amara eta Gros auzoetan lortutako parte-hartze datuen proiekzioa eginda (% 28ko parte-hartzea, 76,52 Kg-ko batezbestekoarekin pertsonako eta urteko), eta Urnietak 2013an lortutako datuak atxikita, materia organikoaren 4.500 tonatik gora bilduko dira urtean edukiontzi bidez. Atez ateko sistema duten udalerriek zerbitzu hori eskaintzen jarraituko diete Astigarragako, Hernaniko, Lezoko, Oiartzungo, Pasaiako (Antxo eta Donibane) eta Usurbilgo herritarrei, eta 2013ko zifrak atxikita materia organikoaren 3.700 tona bilduko dituzte.
Aurrerapauso garrantzitsua izango dira datu horiek mankomunitatearentzat, 2013an jasotakoa ia bikoiztu egingo baitu, 8.200 tonako zifra gaindituta, zifra horren erdia baino gehiago (% 54,88) edukiontzi bidez bilduko delarik. Errenteriako udalerriak eta Pasaiako Trintxerpe eta San Pedro auzoek materia organikoaren bilketa ezartzen dutenean hobetu egingo dira zifra horiek.
Zazpi bilketa-zerbitzu
Bilketa organikoaz gain, paper-kartoiaren eta ontzien bilketaz arduratuko da kontratu berria, bide publikoan 1.555 edukiontzi hedatuta, baita premia orokorrei edo espezifikoagoei erantzuteko beste sei bilketa mota ere:
Paper-kartoiaren eta ontzien bilketa bide publikoko edukiontzi bidez.
Ontzien bilketa espezifikoa ekoizle berezientzat (ikastetxeak, hotelak, merkatuak eta abar).
Paper-kartoiaren bilketa espezifikoa ikastetxeentzat eta administrazio publikoarentzat.
Saltoki txiki eta ertainetako kartoizko bildukien bilketa.
Beiraren bilketa espezifikoa iristeko zailak diren inguruetan dauden ostalaritza-lokalentzat.
Berezko bilketaz gain, hondakinak biltegiratzeko, sailkatzeko eta transferitzeko instalazioetara garraiatzeaz, edukiontzien garbiketaz (beirarenak barne) eta edukiontzi horiek mugitu eta garraiatu, eta biltegiratzeaz arduratuko da esleipenduna.