Mancomunidad de San Marcos

Albistea
Gaurkotasuna

icono calendario2014/05/20

Udako Ikastaroek hondakinen kudeaketa aztertuko dute

San Markos Mankomunitatearekin lankidetzan antolatutako “Hondakina baliabide gisa” deitutako ikastaroak ingurumenaren, legearen eta ekonomiaren ikuspegitik abiatuta hondakinen tratamenduaren eta kudeaketaren alorrean adituak diren pertsonak bilduko ditu.
Itxasoren ustez, lokaztutako eta aurreiritzi ideologikoz betetako debateari San Marko Mankomunitateak egiten dion ekarpen teknikoa eta akademikoa da.
Hondakinen produkzioa eta haien tratamendua gizarte guztiei, eta bereziki, garatuenei eragiten dien problematika da. Batez ere isurtzeen bitartez deuseztatzean oinarritutako estrategia zaharrek ez dute arazoa benetan konpontzen, gizarteak arbuiatzea eragiten dute eta gero eta zorrotzagoak diren legezko mugei aurre egin behar diete. Etorkizunean, zaborrean dauden baliabideak aprobetxatzean oinarritutako kudeaketa- eta tratamendu-alternatibak eskainiko dira, alternatiba horiek produkzio- eta kontsumo-zikloetan sartuko dira berriro eta errefusa minimizatu egingo da. Ikastaro honen helburua Gipuzkoan aplikatzen ari diren estrategiak azaltzea eta hainbat sektoretako (adibidez, materialak birziklatzea eta berreskuratzea, materia organikoaren tratamendua eta aprobetxamendua eta hondakinetako energia berreskuratzea) esperientzia eta teknika aurreratuenekin alderatzea da. Helburua zera da, prozesu horien irismena eta mugak ezagutzea, baita ingurumenaren eta ekonomiaren ikuspegitik prozesu horiek duten eraginkortasuna eta legearen ikuspegitik dituzten mugak eta lehentasunak ezagutzea ere.
Galdera horiei erantzuteko, “Hondakina baliabide gisa” deitutako ikastaroan hainbat esparrutako adituak elkartuko dira eta aditu horiek beren eremuetatik helduko diote hondakinen problematikari. Zehazki, txostengileak eta landuko diren gaiak honako hauek izango dira:

  • Françoise Bonnet Birziklatzearen aldeko Hirien eta Eskualdeen Europako Elkartearen (ACR+) idazkari nagusia da, Europako zuzenbidean diplomatua Europako Elkargoan; ingurumen-zuzenbidean espezializatuta dago. Haren txostenean Europako esparru juridikoa eta hondakinen erkidegoko hierarkia aztertuko dira, hau da: hondakinen tratamendua kudeatzerakoan Europako legeek ezartzen dituzten lehentasunak.
  • Santiago Barba Eko-rec enpresaren zuzendaria da. Gipuzkoako enpresa hori plastikozko ontzi arinen birziklapenean espezializatuta dago industriarako erabilgarriak diren produktuak produzitzeko, ingurumen-hobekuntza eta CO2 emisioak murriztea bermatuz. Haren txostenean hiri-hondakinetako plastikoak birziklatzeak eskaintzen dituen aukerei helduko dio.
  • Alfonso Amorena Iruñerriko mankomunitateko Ingurumenaren zuzendaria da eta pisu handiko espezialista materia organikoaren tratamenduan; hain zuzen ere, txostenean hondakin-uretako eta hiri-hondakinetako materia organikoa aprobetxatzeko prozesuez jardungo da.
  • Michael Weltzin Bundestageko Berdeen talde parlamentarioaren aholkularia da, eta hondakinen kudeaketaren, baliabide berriztagarrien eta aldaketa klimatikoaren alorreko aditutzat hartzen da. Weltzinek bere txostenean hondakinen balioztatzea hondakinaren alternatiba gisa aztertuko du.
  • Chiara Pistarino A2A ingurumena deitutako taldeko ingeniaria da. Talde hori Italiako lehen operadorea da materialak eta hiri-hondakinetatik datorren energia berreskuratzearen alorrean. Kasu horretan, txostenean biolehortzearen aukerak eta hondakinen errefusa aprobetxatzeko beste teknika batzuk aztertuko dira.
  • Armengol Grau LKSren Hondakinen Alorreko zuzendaria da eta 20 urtetik gorako esperientzia du hondakinen kudeaketarekin lotutako proiektuen garapenean eta zuzendaritzan. Haren txostenean hondakinen errefusa aprobetxatzeko aukerak aztertuko ditu, baita horien hierarkia ere iraunkortasunaren ikuspegitik.

Gaur goizean egin den ikastaroaren aurkezpenean, Denis Itxaso San Marko Mankomunitatearen presidenteak adierazi du hondakinak kudeatzeko erakundeak ikuspegi teknikotik eta akademikotik abiatuta ekarpen eraikitzailea egin nahi diola aurreko Legealdian lortutako adostasunak haustea eragin duten aurreiritzi ideologikoak direla medio Gipuzkoan azken urte hauetan lokaztu den debateari.
Ikastaroa irailaren 4an eta 5ean emango da, eta arestian aipatutako txostenez gain, mahai-inguru bat ere programatu da. Mahai-inguru horretan Françoise Bonnet, Alfonso Amorena, Michael Weltzin, Armengol Grau txostengileek eta Denis Itxaso San Markos Mankomunitatearen presidenteak hondakinek gizarte aurreratuetako baliabide gisa duten etorkizunari buruz eztabaidatuko dute.
Ikastaroetako matrikula irekita dago eta 60 euroko kostua dute maiatzaren 31 arte, eta 68 euroko kostua data horretatik aurrera.


Albisteen zerrendara itzuli

Zure mezua

 

Galdeketa honetan jasotako datuak San Markoko Mankomunitatearen sistema informatikoan sartu eta landuko dira. Halaber, legearekin bat laga daitezke eta interesatuak atzipenerako, zuzentzeko, baliogabetzeko eta kontra egiteko eskubideak izango ditu. Horren guztiaren berri ematen da 15/1999 Lege Organikoak, abenduaren 13koak, Datu Pertsonalak Babesteari buruzkoak, 5. artikuluan xedatutakoa betez.