2014/01/28
Administrazioarekiko auzibidean inpugnazioa aurkeztuta, enpresei eman zitzaizkien 13 milioiak berreskuratu nahi dituzte.
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak (EAEAN) eman berri duen epaian Gipuzkoako Hondakinak Kudeatzeko Zentroaren (GHKZ) baimenen alde egin izana akuilua izan da errekurtsoak aurkezteko.
San Markoseko eta Debabarrenako hondakin‑mankomunitateek administrazioarekiko auzi‑errekurtsoa jarriko dute GHK‑k eta erraustegia eraikitzeko enpresa esleipendunek lortutako akordioaren kontra, hain zuzen ere kontratu hori 13 milioi euroko kalte‑ordainaren truke desegitea ekarri zuen akordioaren kontra. San Markoseko eta Debabarrenako presidenteek, Denis Itxasok eta Arcadio Benitezek, beren presidenteorde Mikel Pagolarekin eta Ricardo Garaterekin batera, aditzera eman dute mankomunitateak ezin direla ezer egin gabe geratu Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketako Plan Integralean (PIGRUG) aurreikusitako azpiegiturak eraikitzeko herritarrek ordaintzen duten dirua “kalte‑ordainak emanez xahutu dela ikusita, betiere ordezko azpiegitura bakar bat ere martxan jarri gabe eta hondakinen arazoa Gipuzkoan kolapsoa eragiteko zorian dagoenean.” Ildo horretan, adierazi dute orain dela bi urte hasita GHKri 145 €‑ko tarifa ordaintzen zaiola hondakin tona bakoitzeko, eta tarifa horren zati bat egiten ari ez diren inbertsioak ordaintzera bideratzen dela, baina Hondakin Kontsorzioak ez duela kopuru hori aldatu, ezta hura xehatuta aurkeztu ere. Itxasok nabarmendu du “Ez dela zilegi mankomunitateek eta herritarrek zintzo ordaintzea eta GHK‑k ez betetzea berari dagokion zatia, Gipuzkoa azpiegiturarik gabe utzita eta dirua xahututa herritarren bizkar emandako kalte‑ordainetan”.
Deskribatutako egoera are larriagoa da kontuan izanik Zubietako azpiegituren esleipendunei 13 milioiak ordaintzeko erabakia GHK‑ko teknikarien txosten tekniko, ekonomiko eta juridikoetan bildutako irizpideen kontra eta EAEko Batzorde Juridiko Aholku Emailearen (COJUA) aurrean aurkeztutako kontratuen deuseztasun‑demanda kenduta hartu dela, garbi zutelako emaitza ez zela beren interesen aldekoa izango. Horrela, beraz, azaroaren amaieran Hondakin Kontsortzioak kalte‑ordainen erabakia onartu zuen, eta aste gutxi batzuen buruan, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak, abenduaren 17ko 698/2013 epaiaren bidez, GHKren argudioak suntsitu eta Eusko Jaurlaritzak emandako Ingurumeneko Baimen Bateratua eta egindako prozedura baliozkotzat jo zituen.
Gauzak segida horretan gertatu izanak garbi erakusten du irizpide politiko jakin bat erabili dela, txosten teknikoak, epaileen ebazpenak eta Kontsortzioko estatutuak, kontsortzioaren xede soziala orain geldituta dauden azpiegituren garapena dela diotenak, aintzat ez hartzeko. Eta hori guztia gutxi balitz, gaineratu behar da entzungor egin diotela Gipuzkoako herritarrek Batzar Nagusietan adierazitako borondateari, hau da, PRGRUG plana garatzen duen foru‑arauari eta horren aurrerapen‑agiriari.