Mancomunidad de San Marcos

Albistea
Gaurkotasuna

icono calendario2015/06/05

San Markos mankomunitateak edukiontziak eskainiko dizkie atez ateko sistema aldatu nahi duten udalerri guztiei

San Markos mankomunitatean Donostialdea eta Oarsoaldea biltzen dira, eta atez ateko sistema kendu eta lehengora itzuli nahi duten mankomunitateko udalerri guztiei edukiontziak jartzeko aukera eskainiko diete. Zerbitzu hori lehenbailehen eskaintzearren, plangintza egiten ari dira buru-belarri eta Pasaiarekin hitz egiten hasiak dira jada, Pasaiako zinegotzi Izaskun Gómez andreak egindako eskaera betetze aldera; aurreikuspen guztien arabera, Izaskun Gómez andrea alkate izendatuko dute ekainaren 13an, maiatzaren 24ko udal-hauteskundeetan garaile izan baitzen.

Denis Itxaso presidenteak gaur goizean jakinarazi ditu edukiontzi-sistema hedatzeko plangintzaren nondik norakoak: "Pasaiak mankomunitatera jo du, oraindik ere modu informalean, gaikako bilketa egiteko edukiontziak banatzen hasteko operatiba prestatzen has gaitezen, baita kontrataren kamioien ibilbideak egokitzen hasteko. Maiatzaren 24ko kontsultan argi ikusi dugu herritar askok edukiontzien sistema berreskuratu nahi dutela atzera, eta tokiko erakunde berriek prest egon beharko dute nahi horri lehenbailehen eta bizkor erantzuteko”.

Itxasok esan duenez, "konurbazio metropolitar bera osatzen duten udalerri mugakideetan sistema desberdinak eta bananduak izateak ez du inolako zentzurik. Herritarren borondatea errespetatuko duten sistemak behar ditugu, zaborrak gaika sailkatzeko lana erraztuko dutenak, gehiago birziklatzeko lagungarri izango direnak eta eskala-ekonomia bermatuko dutenak. Horregatik, udal berrietan erabakiak hartzeko zain gaude, erabaki horien arabera eta udalerrien zerbitzura jarduteko".

Sistema berria hedatzeko eragozpen handiena edukiontzi berriak erostea da; izan ere, Mankomunitateko presidenteak azaldu duenez, edukiontziak eskatzen direnetik Contenur enpresak fabrikatzen dituen arte bi hilabete igaroko baitira. Baina San Markosek dituen edukiontzien stockari esker, uztailean Trintxerpen jartzen has daitezke. Pasaiako udal berriari dagokio aldaketa horrek ekarriko dituen ondorioen berri eta bi sistemak batera egongo diren trantsizioaldiaren berri ematea.

Datorren astean Mankomunitatearen Batzarra biltzeko deialdia egin duela azaldu du Itxasok, beharrezkoak diren baimenak eskatu eta gaikako bilketaren kontratua aldatu ahal izateko, betiere kontratu hori arautzen duten baldintzen agirian aurreikusitako marjinak beteta. Pasaia bilketa-ibilbideetan sartzeak urtean 279.292 € inguruko hazkundea eragingo du, baina zenbateko hori atez atekoa ezartzeko kostua baino askoz ere txikiagoa da, Pasaiako udalak 17 langile kontratatu behar izan baititu eta gastu arrunta guztira 1.207.560 eurokoa izan da azken urtean atez atekoa ezartzeko. Edukiontziei dagokienez, 165 edukiontzi jarriko dituzte eta horietatik 55 gai organikoa biltzeko izango dira; gainerako 110 edukiontziak papera-kartoia eta ontziak biltzeko izango dira. Edukiontziak erosteko 118.250 €-ko inbertsioa egin beharko dela aurreikusi dute


Albisteen zerrendara itzuli

Zure mezua

 

Galdeketa honetan jasotako datuak San Markoko Mankomunitatearen sistema informatikoan sartu eta landuko dira. Halaber, legearekin bat laga daitezke eta interesatuak atzipenerako, zuzentzeko, baliogabetzeko eta kontra egiteko eskubideak izango ditu. Horren guztiaren berri ematen da 15/1999 Lege Organikoak, abenduaren 13koak, Datu Pertsonalak Babesteari buruzkoak, 5. artikuluan xedatutakoa betez.