Mancomunidad de San Marcos

Albistea
Gaurkotasuna

icono calendario2015/03/16

Emaus fundazioak eta San Markos mankomunitateak hondakinen berrerabilera bultzatzeko hitzarmen bat sinatu dute


San Markos Mankomunitateak 12.000 € emango dizkio Emaus Fundazioari Donostian hurbileko bilketa-puntu izatera bideratuta egongo den lokal bat irekitzeko; herritarrek puntu horretara jo ahal izango dute altzariak, aparatu elektronikoak edo arropa uztera eta utzitako guztia tratatu edo konpondu ondoren, berrerabiltzeko edo saltzeko prest egongo da. Ekarpen ekonomikoaz gain, hondakinak banatzearekin, sailkatzearekin eta murriztearekin lotutako prozesu guztietan aholkularitza emateko eta laguntzeko konpromisoa hartu du Mankomunitateak. Bestalde, Emausek honako helburu hauek ezarri ditu: zerbitzu berri honetarako 2.700 erabiltzaile erakartzea, jendearentzat eskuragarri jarriko diren 40.000 tresna lortzea eta berrerabileraren inguruko sentsibilizazio-lanak egitea. San Markos Mankomunitatearen presidente Denis Itxasok honako hau azpimarratu du: “Hitzarmenari esker urtean hondakin-errefusaren kopurua 9.000 Kg gutxituko da, beraz, zaborren arazoari irtenbidea aurkitzeko bidean aurrera egiteko modu bikaina da Europako erkidegoko hondakinen hierarkiaren arabera; izan ere hierarkia horrek hondakinen gutxitzeari eta berrerabilerari ematen dio lehentasuna beste tratamendu-aukeren aurrean”.


Hurbileko bilketa-puntua Amarako Ekoshop Emaus dendaren ondoan irekiko den lokala izango da (Urbieta kalearen eta Ehunurteurrenaren Plazaren artean). Aipatutako bi establezimendu horiek hurbil egoteak bien arteko lankidetza erraztuko du, horrela, jasotzen diren objektuak jasotzeko, konpontzeko eta merkaturatzeko lanak integratu ahal izateko. Proiektua duela 35 urte baino gehiagotik hona Emaus garatzen ari den lanean kokatzen da, hau da, altzariak, arropak eta etxetresna elektrikoak etxez etxe biltzen eta material horientzat erabilera alternatiboak bilatzen egindako lanean. Lan horietarako gizarte-bazterkeriako arriskuan dauden pertsonak kontratatzen dira eta zeregin horretan integrazioko eta garapen pertsonaleko alternatiba bat aurkitzen dute pertsona horiek. Fundazioaren zuzendari Javier Pradinik nabarmendu du “garrantzitsua dela prebentzioko eta hondakinak berrerabiltzeko lanak ahalik eta gehien sustatzea, betiere, gizarteari zuzendutako irabazi-asmorik gabeko proiektuetan txertatuta”.

 

Amarako Ekoshop denda handitzeko obrak martxoan hasiko dira eta aurreikusi da maiatzan jarriko dela martxan. Establezimendu berriaren ezaugarriak direla-eta, honako objektu hauek jasoko dira: altzariak, dekorazio-objektuak, jostailuak, aparatu elektronikoak eta etxeko bestelako tresna txikiak. Bilketa-puntua astelehenetik larunbatera egongo da irekita, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:30era. Hitzarmen honen esparruan, objektuak jasotzeaz gain, Emausek Up-ciclyng izeneko tailerrak garatuko ditu, arropak berriz josteko, aparatu elektriko eta elektronikoak konpontzeko eta altzariak eraldatzeko tailerrak hain zuzen ere. Guztira hamabi tailer izango dira, hiruhileko bakoitzean modalitate bakoitzeko bat.


San Markos Mankomunitateak Hitzarmena izenpetzearekin eta garatzearekin bolumen handiko hondakinen eta oro har etxeko tresnen kudeaketa aurreratua sustatu nahi du. Bere helburua da hondakinekiko dugun pertzepzioa aldatzea hondakinak baliabide gisa ikusteko eta horrela, ahalik eta gehien murrizteko eta aprobetxatzeko, baita hondakin-errefusa ere. Proiektuak ikuspegi integrala du eta oso modu positiboan balioesten du berrerabileraren potentziala gizarte-bazterkeriako arriskuan dauden pertsonentzat enplegu berdea sortzera bideratzea. Ildo horretan, Denis Itxasok nabarmendu du “gizarte-erakundeekin lankidetzan aritzeko eta herritarren parte hartzea bultzatzeko ikuspegiak iraunkortasun-politikei eman diezaieken bultzada handia”.


Albisteen zerrendara itzuli

Zure mezua

 

Galdeketa honetan jasotako datuak San Markoko Mankomunitatearen sistema informatikoan sartu eta landuko dira. Halaber, legearekin bat laga daitezke eta interesatuak atzipenerako, zuzentzeko, baliogabetzeko eta kontra egiteko eskubideak izango ditu. Horren guztiaren berri ematen da 15/1999 Lege Organikoak, abenduaren 13koak, Datu Pertsonalak Babesteari buruzkoak, 5. artikuluan xedatutakoa betez.