Mancomunidad de San Marcos

Albistea
Gaurkotasuna

icono calendario2014/06/04

San Markos mankomunitateak Elikagaien Bankuarekin lankidetzan jardungo du

San Markos Mankomunitateak eta Gipuzkoako Elikagaien Bankuak lankidetza-hitzarmen bat izenpetu dute, hondakinak murrizteko eta egoera onean dauden elikagaiak premiarik handieneko kolektiboen artean bana daitezen sustatzeko.
Gipuzkoako Elikagaien Bankuak soberakinetatik eta dohaintzetatik lortutako elikagaiak jaso, eta premia duten pertsonen artean banatzen ditu hainbat ongintza-erakunderen bitartez. 2013. urtean, 22.000 pertsona baino gehiago izan ziren lan horren onuradun, eta 205 elkarte, parrokia, ongintza-entitate eta erakundek jardun zuten lankidetzan gizarte-ekimen horretan.
Elikagaien Bankuak bildutako elikagaien artean, kontsumorako egokiak diren, baina iraungitze-data hurbil duten edota merkaturatzea zailtzeko moduko itxura-arazoren bat duten elikagaiak daude. Kasu horietan, egindako gizarte-lanari ingurumen-helburua gaineratu behar zaio. Izan ere, produktu horiek ez dira zuzenean zabortegira botatzen, eta kontsumorako erabil daitezke. “Azken minutua” izeneko programa horren barruan, 840.000 kg produktu baino gehiago bildu ziren 2013an. Nolanahi ere, programa horrek behar duen logistika konplexuak elikagaiak kudeatzeko prozesuan sortutako hondakinen kudeaketa hartzen du eraginpean.
Sinatutako hitzarmenaren bidez, San Markos Mankomunitateak aholkularitza integrala eskainiko dio Gipuzkoako Elikagaien Bankuari hondakinen kudeaketarekin lotutako alderdi orotan. Halaber, Elikagaien Bankuak mankomunitatearen eremuan kokatuta dituen instalazioetan hondakinak behar bezala bereizi eta minimizatzeko barne-ekintza guztietan lagunduko du. Hori guztia Elikagaien Bankurako ezein kosturik gabe egingo da. Bankuak, gainera, 2.400 € jasoko ditu urtean, hondakinen murrizketa konpentsatzeko eta egiten duen gizarte-lana babesteko.
Akordioa sinatu ondoren, Mankomunitateko presidente Denis Itxasok iraunkortasunaren izaera soziala azpimarratu du. Adierazi duenez, iraunkortasunak “pertsonen ongizatea bermatzeko beharrezkoak diren ingurumen-printzipioak, printzipio ekonomikoak eta printzipio sozialak ziurtatzea” du azken helburu. Bestalde, Gipuzkoako Elikagaien Bankuko presidente Javier Sáenzek eskertu egin du Mankomunitatearen lankidetza, eta Bankuaren lana ahalbidetzen duten 150 boluntarioen lana eta Gipuzkoako gizartearen elkartasuna azpimarratu ditu.
2013ko ekitaldian, Gipuzkoako Elikagaien Bankuak 2.140.000 kg elikagai bildu zituen hainbat programaren bidez. Horien artean, oihartzun berezia izan zuen 66 bilketa-zentroren bidez 28 herritan antolatutako “bilketa handiak”. Jarduera horretan, 1.000 boluntariok baino gehiagok hartu zuten parte, eta 350.000 kg elikagai bildu zituzten bi egunetan.


Albisteen zerrendara itzuli

Zure mezua

 

Galdeketa honetan jasotako datuak San Markoko Mankomunitatearen sistema informatikoan sartu eta landuko dira. Halaber, legearekin bat laga daitezke eta interesatuak atzipenerako, zuzentzeko, baliogabetzeko eta kontra egiteko eskubideak izango ditu. Horren guztiaren berri ematen da 15/1999 Lege Organikoak, abenduaren 13koak, Datu Pertsonalak Babesteari buruzkoak, 5. artikuluan xedatutakoa betez.