Mancomunidad de San Marcos

Albistea
Gaurkotasuna

icono calendario2014/01/23

Mankomunitateak gaikako bilketa indartu du beste garbigune bat ezarrita

Denis Itxasok nabarmendu du oso garrantzitsua dela azpiegitura egokiak edukitzea herritarrek hondakinen arazorako irtenbidean parte har dezaten.

Denis ItxasoSan Markos mankomunitateak gaikako bilketarako eta birziklaketarako azpiegiturak zabaldu ditu Donostian beste garbigune bat inauguratuta. Garbigune hori urtarrilaren 24an hasiko da zerbitzua ematen. Instalazio berri horrek mankomunitateak kudeatzen duen sarea osatuko du. Hortaz, hemendik aurrera, sareak bost garbigune izango ditu: Atotxa Errekan, Garberan, Hernanin, Oiartzunen eta Usurbilen. 2013an, 60.000 bizilagunek baino gehiagok erabili zuten zerbitzu hori, eta, horri esker, 3.000 tona hondakin baino gehiago birziklatu ziren. Inaugurazio-ekitaldian, mankomunitateko presidente Denis Itxasok nabarmendu du oso garrantzitsua dela azpiegitura egokiak edukitzea herritarrek hondakinen arazorako irtenbidean parte har dezaten.

Garbiguneek gaikako bilketa indartzen dute, beren izaera dela-eta zabor-poltsetan edo kalean dauden edukiontzietan utzi ezin diren etxeko hondakinak birziklatzea ahalbidetzen baitute. Besteak beste, honako hondakin hauek biltzen dira garbiguneetan: etxean egiten diren obra txikietako hondakinak, plastiko birziklagarriak, beira laua, kartoizko enbalajeak, objektu handiak, zura, inausketa- eta lorezaintza-hondakinak, pneumatikoak (hagunik gabeak), aparatu elektriko eta elektronikoak, etab. Era berean, berriz erabiltzeko objektuak eraman daitezke hara, eta, bertan, erabiltzaileen eskura jartzen dira, betiere beraiek erabiltzeko bada eta helburu komertzialekin erabiltzen ez badira. Zerbitzua mankomunitatean bizi diren partikularrentzat da soilik; izan ere, gremioek eta gainerako ekoizle profesionalek berariazko zerbitzuak dituzte.

Jardunean dauden garbiguneetatik (Garbera, Hernani, Oiartzun eta Usurbil), Donostiakoak jasotzen ditu bisita eta hondakin gehien. Zehazki, 2013an, sarean tratatutako 3.000 Tm-en ia % 50 (1.400 Tm) kudeatu zituen. Izan ere, Garberako 27.000tik gora erabiltzaileen zati handi bat Donostiatik kanpoko beste udalerri batzuetakoa da. Hori ez da gertatzen gainerako instalazioetan. Instalazio haiek beren udalerri-eremuko biztanleriari ematen diote zerbitzua, ez baitute lurraldeko hiriburuaren erakarpen-efekturik izaten. Mankomunitateko arduradunek datu hori kontuan izan dute garbigune berria Donostiako Añorga auzoan (Zubiberri bidea, 13) kokatzea erabakitzeko. Garbigune horrek, urtarrilaren 24tik aurrera, honako ordutegi honetan emango du zerbitzua: astelehenetik ostiralera, 09:30etik 13:00etara, goizez, eta 15:30etik 18:30era, arratsaldez; larunbatetan, berriz, goizez jardungo du, 09:30etik 13:30era; eta igande eta jaiegunetan, itxita egongo da.


Albisteen zerrendara itzuli

Comentarios (1)

Karmele
2014-02-14
Garbiguneak oso ideia ona dira.

Zure mezua

 

Galdeketa honetan jasotako datuak San Markoko Mankomunitatearen sistema informatikoan sartu eta landuko dira. Halaber, legearekin bat laga daitezke eta interesatuak atzipenerako, zuzentzeko, baliogabetzeko eta kontra egiteko eskubideak izango ditu. Horren guztiaren berri ematen da 15/1999 Lege Organikoak, abenduaren 13koak, Datu Pertsonalak Babesteari buruzkoak, 5. artikuluan xedatutakoa betez.