Mancomunidad de San Marcos

Albistea
Gaurkotasuna

icono calendario2013/10/16

San Markoko behin betiko zigilatzeko obrak Azaroan hasiko dira

Mankomunitateak FCC eta Construcciones Moyua enpresek osatutako Aldi Baterako Enpresen Elkarteari esleitu dizkio lanak

San Markoko zabortegia behin betiko zigilatzeko obratan San Markoko Mankomunitateak 3.070.000 € inbertituko ditu. Lanei 2013ko azaroan ekingo zaie eta hamar hilabetez luzatuko dira. Lan horiekin 157.500 m3 hondakin mugituko dira, 27.600 m2 zabortegi behin betiko zigilatuko da eta guztira 132.100 m2 landareztatuko dira. Era berean, 1,2 kilometro bide moldatuko da eta zabortegia kanpotik ixteko itxitura berria instalatuko da. Lan horren perimetroak 3.370 metro izango ditu.

Hondakinak hondeatu eta toki aproposean jartzeko orduan, eragozpenak nahiz usainak ahalik eta gehien murrizteko, zeregin horietarako protokolo berezia zehaztu da:

- Obrak neguan gauzatuko dira.

- Hondakinen estaldura gehienekoa izango da eta usaina kentzeko produktuak lainoztatuko dira.

- Obra-zona guztian biogasa ateratzen jarraituko da.

Obra lehiaketa publikoaren prozedura erabiliz kontratatu da eta esleipenduna FCC eta Construcciones Moyua enpresek osatutako ABEE izango da.

 

Gehieneko isolamendua

Behin betiko zigiluan gainazala isolatuko da eta zuloaren oinarria nahiz alboak iragazgaiztuko dira. Hain zuzen ere, zulo horretara botako dira hondakinak. Gainazaleko itxituraren lodiera 1,10 m-tik gorakoa izango da eta honako geruzek osatuko dute:

- Harririk gabeko lurrez osatuko den 30 cm-ko erregularizazio-geruza.

- Gasa hobe hartzeko gasen drainatze-geruza, HDPEko hodiz eta legar ofitikoez hornitutakoa.

- Geruza mineral iragazgaitza, bentonita-tapakiarekin eta dentsitate handiko polietilenozko xaflarekin.

- Geodrainez hornitutako drainatze-geruza, izan daitezkeen iragazketa-urak behar bezala drainatzen direla bermatzeko.

- Goiko estaldura-geruza, 80 cm-koa, landareak modu egokian errotzeko eta zigilatze-sisteman ez eragiteko.

Isolamenduaren helburua lursaila iragazgaiztea da eta, bide batez, euri-ura hondakinen masan sar dadin eta, ondorioz, lixibiatuak sor ditzan saihestea. Aldi berean, materia organikoa deskonposatzen ari den bitartean biogasa modu lausoan sakabanatzea ekidingo da.

 

Gasa ateratzea

Ezinbestekoa da gasa ateratzea ondorengoak bermatzeko:

- Biogasa ustiapen-eremuan ez metatzeko eta kontrolik gabe ez mugitzeko.

- Negutegi efektua duten gasen igorpenak saihesteko.

Xede horrez, zabortegitik gasa ateratzeko sistema hobetuko da; hala, biogasa kanporatzeko 12 putzu berri instalatuko dira. Halaber, biogas gehien sortzen ari den eremuetan hodi biltzaileak bateratuko dira eta egingo den instalazioari esker, gasa ateratzeko egitura desberdinak konektatu ahal izango dira. Ildo horri eutsiz, konektatu eta gasa ateratzeko aukera bikoitza mantenduko da.

 

Lixibiatuak

Lixibiatuak hartu eta zabortegiaren hondoko drainatzerantz bideratzeko sistema zehaztuko da. Ondoren, horiek guztiak lixibiatuen plantan tratatuko dira. Obratan solido esekiak saihesteko eta hondakinak lixibiatuen tratamendurantz ez arrastatzeko, euste-zangak gauzatuko dira. Horiek halako materialak ahalik eta gehien geldiaraziko dituzte eta legarrekin bete ondoren, iragazki bezala jardungo dute.

 

Gainazaleko drainatzea

Perimetroetako sareak hobetuko dira, euri-urak edo ur garbiak errazago drainatzeko.


Albisteen zerrendara itzuli

Zure mezua

 

Galdeketa honetan jasotako datuak San Markoko Mankomunitatearen sistema informatikoan sartu eta landuko dira. Halaber, legearekin bat laga daitezke eta interesatuak atzipenerako, zuzentzeko, baliogabetzeko eta kontra egiteko eskubideak izango ditu. Horren guztiaren berri ematen da 15/1999 Lege Organikoak, abenduaren 13koak, Datu Pertsonalak Babesteari buruzkoak, 5. artikuluan xedatutakoa betez.